NOTAK ERREKLAMATZEKO PROZEDURA
19. artikulua: Azken kalifikazioen kontrako barne- erreklamazioaren prozedura.
1.– Lan, ariketa eta proba ebaluagarriak berrikusi zein ez, ikasleek, edo, ikasle adingabeen kasuan, gurasoek edo legezko tutoreek, arlo, ikasgai edo esparru bateko edo batzuetako azken kalifikazioaren kontrako erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute bi laneguneko epean, kalifikazioak idatziz jakinarazten direnetik hasita. Horretarako, idazki arrazoitua aurkeztuko diote ikastetxeko zuzendariari.
2.– Erreklamazio-eskaeran azken kalifikazioari aurka egitea justifikatzen duten alegazioak azalduko dira. Eskaera hori ikasketaburuaren bitartez izapidetuko da; hark kasuan kasuko irakasleari edo kalifikatutako arlo, ikasgai edo esparruaren ardura duen sail didaktikoari igorriko die, eta jakitun jarriko du tutorea, berak koordinatu baitu azken ebaluazio-saioa, zeinean ezarri baita erreklamatutako kalifikazioa.
3.– Lehen Hezkuntzan, erreklamazioa arlo edo esparru bateko kalifikazioaren kontrakoa denean, eragindako irakaslea ikasketaburuarekin bilduko da, erreklamazioa aztertuko dute eta txostena egingo dute, 5. puntuan aipatzen diren alderdiak jasoko dituena, gutxienez.
4.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, saileko buruak sailaren ezohiko bilera batera deituko du, eta bilera horren akta egingo da. Bilera horretan, saileko kideek eztabaidatuko dute ebaluazioa eta kalifikazioa aurreikusitakoaren arabera egin diren eta ezarritako ebaluazio-irizpideak zuzen aplikatu diren. Saileko buruak txosten arrazoitua eman beharko du, ebazpen-proposamen eta guzti.
5.– Erreklamaziorako epea amaitu eta bi laneguneko epean egingo da 3. eta 4. puntuetan aipatutako txostena. Zuzendariari igorriko zaio, eta honako hauek bilduko ditu, gutxienez:
- Konpetentzia espezifikoak eta lotutako oinarrizko jakintzak ebaluatzeko irizpideak, ikaslearen ikaskuntza-prozesuaren ebaluazioan erabili direnak, bat datozen kasuan kasuko programazio didaktikoan jasotakoekin
- Ebaluazioan erabilitako prozedurak eta tresnak bat datozen programazio didaktikoan adierazitakoarekin.
- Zuzen aplikatu diren programazio didaktikoan ezarritako kalifikazio-irizpideak, arloa, ikasgaia edo esparrua gainditzeko bete behar direnak.
- Berrikusitako azken kalifikazioa aldatzeari edo berresteari buruz hartu den erabakia.
6.– Barne-erreklamazioa zuzendariak ebatziko du, era arrazoituan, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritako moduan jakinaraziko zaio erreklamatzaileari. Jakinarazpen hori lanegun bateko epean egin beharko da, goian aipatutako txostena jasotzen denetik hasita.
7.– Zuzendariak tutoreari igorriko dio erabakia, eta, erreklamazioa baietsiz gero, aktak aldatzeko aginduko du.
8.– Ikastetxeko zuzendariak barne-erreklamazioari buruz emandako ebazpenari kanpo-erreklamazioa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako titularraren aurrean.
20. artikulua.– Mailaz igarotzeari edo titulua eskuratzeari buruzko erabakiaren kontrako barne-erreklamazioaren prozedura.
1.– Ikasleek edo, ikasle adingabeen kasuan, guraso edo legezko tutoreek, bi laneguneko epean, mailaz ez igarotzeko edo titulurik ez lortzeko erabakia idatziz jakinarazten denetik hasita, erabaki horren aurkako erreklamazioa jarri ahal izango dute, idazki arrazoitua aurkeztuz ikastetxeko zuzendariari
2.– Erreklamazioa jaso ondoren, ikastetxeko zuzendariak ikaslearen talde ofizialeko tutoreari helaraziko dio, ikasketaburuaren bitartez. Tutoreak ezohiko bilera berezi batera deituko du irakasle taldea. Ikasketaburuak ezohiko saio horretan parte hartuko du, hitzarekin, baina botorik gabe, non eta ez den irakasle talde horretako kidea. Irakasle taldeko kidea bada, halakotzat jardungo du.
3.– Azken ebaluazio-saioan bezala, irakasle taldeko irakasle bakoitzak bere iritzia adieraziko du hartu beharreko erabakiari buruz, boto bat emanez. Horretarako kontuan hartuko da ikaslearen konpetentzia-maila, bai eta, kasua bada, etapako irteera-profila ere.
4.– Tutoreak bileraren akta egingo du, gainerako ebaluazio-saioetan erabilitako akta ereduari jarraituz.
5.– Tutoreak txosten arrazoitua egingo du, ebazpen-proposamen eta guzti, eta ikastetxeko zuzendariari igorriko dio bi laneguneko epean, erreklamazioetarako epea amaitzen denetik hasita. Txosten horretan honako datu hauek emango dira gutxienez:
- Aurretik izandako gertaeren eta jarduketen azalpena, ikaslearekin eta, ikasle adingabeen kasuan, guraso edo legezko tutoreekin izandako komunikazioak barne.
- Irakasle taldearen eztabaidetako puntu nagusiak.
- Ikaslearen konpetentzia-maila eta, kasua bada, noraino lortu duen etapako irteera-profila.
- Ikaslearentzat proposatzen diren neurri indargarriak.
- Erreklamatutako erabakiaren berrespena edo aldaketa, mailaz igarotzeari eta titulua lortzeari buruz curriculum-proposamenean arau orokor gisa ezarritako irizpideen arabera arrazoituta.
6.– Barne-erreklamazioa zuzendariak ebatziko du, era arrazoituan, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritako moduan jakinaraziko zaio erreklamatzaileari. Jakinarazpen hori lanegun bateko epean egin beharko da, goian aipatutako txostena jasotzen denetik hasita.
7.– Erreklamazioa baietsiz gero, zuzendariak dagozkion aktak aldatzeko agindua emango du.
21. artikulua: Hezkuntzako lurralde-ordezkariari kanpo-erreklamazioa aurkezteko prozedura.
1.– Barne-erreklamazioaren ebazpenarekin ados egon ezean, ikasleek edo, ikasle adingabeen kasuan, guraso edo legezko tutoreek ikastetxeko zuzendariaren ebazpenaren aurkako erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute, ebazpena jakinarazi eta bi laneguneko epean. Horretarako, idazki arrazoitua aurkeztu beharko dute ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean, Hezkuntzako lurralde-ordezkariari igortzeko.
2.– Ikastetxeko zuzendariak, bi laneguneko epean, gehienez, espedientea Hezkuntzako lurralde-ordezkariari igorriko dio, eta kopia bat igorriko dio Hezkuntzako Ikuskaritzari. Ikastetxean bideratutako erreklamazio-prozesuan sortutako dokumentu guztiak bilduko dira espediente horretan:
- Ikastetxean egindako txostenak.
- Ikaslearen ebaluazio-prozesuari buruzko informazioak justifikatzen dituzten ebaluazio-tresnak.
- Programazio didaktikoa.
- Erreklamatzailearen alegazioak eta, behar denean, zuzendariak haiei buruz emandako txostena.
3.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ebatziko du erreklamazioa, Hezkuntzako Ikuskaritzak txosten arrazoitua egin ondoren. Txosten hori zazpi laneguneko epean egin beharko da gehienez ere.
4.– Txosten hori egiteko, Hezkuntzako Ikuskaritzak kontuan izango ditu ikastetxeak emandako txostena, kasuan kasuko arloko, ikasgaiko edo esparruko programazio didaktikoa, ebaluazio-irizpideak, eska daitezkeen gutxieneko konpetentzien garapen-mailak, jendaurrean jarritako kalifikazio-irizpideak, kalifikazioaren oinarri diren ebidentziak, ebaluazio-prozesuan erabilitako tresnak eta prozedurak, eta ikaslearen ariketa, lan, proba eta azterketak –eta, hala badagokio, baita beste ikasle batzuenak ere, konparazio bat egin eta ikasle erreklamatzailearen kalifikazioak modu objektiboan balioztatu ahal izateko–. Halaber kontuan hartuko da ikastetxeak agindu honetan xedatutakoa betetzen duen.
5.– Bere txostenean, Hezkuntzako Ikuskaritzak proposamen arrazoitua egingo du hauei buruz: erreklamazioa osorik edo partzialki baiestea, ezestea, prozeduran atzera egitea ebaluazio-proba edo -ariketa berriak egiteko, edo aldatzea kalifikazioak edo mailaz igarotzeari eta titulua lortzeari buruzko erabakiak, ez badatoz bat ikastetxeak jendaurrean jarritako kalifikazio-irizpideetan eta araudi indardunean ezarritakoarekin. Aldez aurretik hartutako erabakiren bat aldatu behar bada, irakasle-taldeak ezohiko bilera egingo du.
6.– Hezkuntzako Ikuskaritzak txostena egiteko laguntza eskatu ahal izango die erreklamazioan aipatzen diren arlo, ikasgai edo esparruetako adituei, eta eskatu ahal izango ditu espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak.
7.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariak erreklamazioa ebatziko du modu arrazoituan, gehienez ere hiru eguneko epean, Hezkuntzako Ikuskaritzaren txostena jasotzen duenetik hasita, eta bere ebazpena jakinaraziko die ikastetxeko zuzendaritzari eta pertsona interesdunei.
8.– Erreklamazioa baiesten bada, zuzendu beharreko dokumentuak zuzenduko dira.
9.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 119.3 artikuluaren arabera, kalifikazioak berrikusteko eta erreklamatzeko eskubidea ezin da ebatzi hasieran lortutakoa baino kalifikazio txikiagoarekin.
10.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari.
