ABANTIN GURASO ELKARTEA
Aurkezpena
Gure elkartea irabazi asmorik gabeko taldea da, eta gure seme-alaben heziketa prozesuan parte hartzea du helburu, beraien ongizatea eta garapen osasuntsua bermatzeko.
Gurasoak taldean parte hartzera gonbidatzen ditugu. Zenbat eta boluntario gehiago izan, orduan eta ekintza eta egitasmo gehiago martxan jar ditzakegu. Horrela, gure seme-alaben hezkuntza-prozesuan izan dezakegun inpaktua ere handiagoa izango da.
Funtzionamendua
Boluntario gisa lan egiten dugu, eta guraso guztiak ongi etorriak dira gure taldean parte hartzera. Ikasturte hasieran urtero egiten da ohiko asanblada, non aurreko ikasturteko ekintzak eta diru kontuak aurkezten diren.
Estatutuen arabera, guraso elkarteak 8 pertsonek osatutako talde iraunkor bat izan behar luke, baina gaur gun, momentuz, 4 besterik ez gara.
Zer egiten dugu?
Guraso elkarteko kideok hainbat batzordetan parte hartzen dugu: Eskola Kontseiluan, Udaletxeko Hezkuntza eta Kultura Batzordeetan, eta eskualdeko mankomunitateetako beste batzorde batzuetan.
Parte-hartze hauek funtsezkoak dira:
- Institutuak herrian duen eragina bistaratzeko eta herriarekiko atxikimendu sustatzeko.
- Institutuko proiektu askorentzako diru laguntzak lortzeko.
- Guraso eta ikasleen formazioa sustatzeko.
Horrez gain, gurasook ordaintzen ditugun kuotetatik honakoak finantzatzen dira:
- Unibertsitatera Sartzeko Probetara joateko autobusak
- Hizkuntza titulu ofizialetarako probetarako autobusak
- DBH4 eta Batxilergoko lehen mailan egiten diren ikasbidaiak
Era berean, gure seme-alaben hezkuntzarako interesgarri izan daitezkeen proiektuak ere diruz laguntzen ditugu, adibidez, Eco-Drive diziplina anitzeko proiektua, non teknologia, matematika, fisika, artea edota hizkuntzak uztartu diren.
Guraso elkarteak ikasleen formaziorako jarduera osagarriak ere antolatzen ditu beti ere euskal hizkuntza eta kultura ardatz hartuta. Ikasturte honetan, AEKrekin elkarlanean, Batxilergoko ikasleentzako prestakuntza bat antolatu da, C1 euskara maila lortzea helburu duena.
Gurekin harremanetan jarri nahi baduzue, idatzi helbide elektroniko honetara:
