“Lehen sorospenei” buruzko prestakuntza

Gure institutuan ikasleek DBH1, DBH3 eta Batxilergoko 1. mailan daudenean, hau da bi urtean behin, Ondarroako Gurutze Gorriaren eskutik, “Lehen Sorospenei” buruzko prestakuntza jasotzen dute. Prestakuntza horretan, ikasleek, besteak beste, bihotz-arnasketa geldituz gero, eztarrian trabatuta egonez gero, odoljarioen, erreduren… aurrean  nola jokatu behar den ikasten dute. Gainera, adeitasuna eta laguntzeko borondatea bezalako balioak barneratzen dituzte eta emergentzia egoera baten aurrean lasaitasuna mantentzen ikasten dute.

Lehen sorospenetan lortutako ezagutzak bizitza guztirako baliotsuak dira eta guztiontzat ingurugune seguruagoak lortzen laguntzen dute.

Lehen sorospenetako BAS teknika

Pertsona baten bizitza arriskuan dagoen edozein istripu edo egoeraren aurrean, PAS metodoa gogoratu behar dugu (Babestu – Abixatu – Sorostu):

  • BABESTU: norbera, istripua izan duena eta agertokian dauden beste pertsonak babestu.
  • ABIXATU: 112 telefonora deitu. Informazio argia eta zehatza eman beharko da.
  • SOROSTU:

-istripua izan duenari larrialdiko prestakuntza eskaintzeko prestatuta bagaude, lagundu egingo diogu.

-prestakuntza egokirik ez badugu, laguntza psikologikoa emango diogu, pertsonaren ondoan belauniko egongo gara lasaitzen eta hitz egiten  anbulantzia iritsi arte.

Nola jokatu larrialdi baten aurrean?

1.-Bihotz-arnasketa gelditze baten aurrean:

  • Biktimak erantzun eta arnasa hartzen badu, 112 telefonora deitu eta bere ondoan gelditu anbulantzia etorri arte.
  • Biktimak erantzuten ez badu eta arnasa hartzen ez badu, bihotz-biriken suspertze maniobrak berehala hasiko ditugu, bihotz masajea emateari utzi gabe, anbulantzia bat desfibriladore batekin iritsi arte.

2.-Zerbait eztarrian trabatuta geratzen denean:

  • Haurtxo bat bada (urtebete baino gutxiago): eskua bizkarrean jarrita, 5 kolpe gogor emango dizkiogu omoplatoen artean, eskuaren orpoarekin.
  • Heldu bat bada:

-Itotzea partziala bada: biktima eztul handia egitera animatuko dugu.

-Itotzea erabatekoa bada eta biktimak arnasarik hartu ezin badu: besoekin atzetik inguratu eta, gure ukabil itxiarekin, tripa barrurantz sakatuz, 5 aldiz gorantz bultzatu dugu, gogor eta azkar, gorputz arrotza kanporatu arte.