Justifikazioa

Ondarroa BHIk 1997-1998 ikasturtetik hona dihardu Ulibarri programan.

Ulibarri Programa ikastetxeen hizkuntza normalizazioaren gaineko programa da. Lau urtetik behin, programa honetan gauden ikastetxeok Hizkuntza Normalizazioko Proiektua (HNP) egiten dugu. Proiektua egin ahal izateko, gure ikastetxearen euskararen egoera ezagutu behar dugu eta horretarako Branka eta Mintzagrama izeneko diagnosi tresnak erabiltzen ditugu.

Ulibarri programak ez du, gure iritzirako, izateko arrazoirik galdu oraindik ere, garrantzitsua iruditzen baitzaigu lau urtetik behineko azterketa egitea datuen bilakaera ikusi eta aztertzeko.

Gure ikastetxearen inguru soziolinguistikoa euskararen arnasgunetzat har dezakegun arren, herrian egindako zenbait neurketari erreparatuz gero, emaitzek beheranzko joera erakusten dute. Joera hori herrian ez ezik, ikastexean bertan ere nabaritzen dugu. Beraz, herri mailan Ondarroako hizkeraren erabileran eragin behar dugun bezala, institutuan ahoz zein idatziz, arlo akademikoan, hizkuntzaren erabilera formala lantzen eta indartzen jarraituko dugu.